XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hik ospa egin nahi huke, baina ez dakik zer egin, ze beste aldekoek ongi bizi direla esaten ditek... Bai, baina ez ote dituk ahots bitxi horiek guztiak hire irudipen hutsak? Badakik badirela hil ondoren ahaidei laguntza eske azaldu ohi diren arima erratuak, baina hauek ez ditek, antza, ez dolurik, ez malurarik, ez oinazerik, euren hezurrak irribarrez bezala daudelako Frai Eustakioren betartearen antzera.

Entzuna huen txikitan Ataungo Andralizetakoek harremanak zituztela lurpeko lezeetan bizi zirenekin, eta gauetan Izuargi eta Gerixeti azaldu ohi zirela mundu honetakoei. Haiek ipuin hutsak zirelakoan hengoan, baina hemengo murmurio hauek ez dituk gezurrezkoak, entzungarri zaizkik, hezurretan itzurtzen den arima gisako isurkia zeukatek, eta bertakoen sentimenduak ezagunak zaizkik, nolabait.

Edurne Saratxo eta hire osaba Anizeto Mendia adiskide egin direnetik behin bateko liberalen izpiritu aurrerakoia eta karlisten foruzaletasuna hire abertzaletasunean loturik sentitu dituk, eta horrek berealdiko bozkarioa sortu dik hilobietako hezurretan. Tradizioa eta aurrerakoitasuna, euskal aberria eta solidaritza soziala gudu hau egin dugunengan elkartzea gauza handia izan duk.

Artxanda goian eta gibelean Leioa eta Loiu aldera bonben burrunba berriro. Nafarren bosgarren eta seigarren brigadek suntsitu ditiztek Bilbo inguruko Burdinezko gerrikoaren babesleku gehienak, eta Euzkadi osoa zekor bat bezala desegiten ari duk nazi-faxisten azken aizkorapean.

Sugandila bat higitzen sentitu duk, segidan, belaunetan, hanka-aztaletan, orpoetan. Aitona Jenarok sugandilak albiste onen iragarle direla esan ohi zian. Zergatik dabilkik xomorroa gora eta behera? Ausaz, Saratxo eta mendiatarren hezurrekin biltzeko zalantzarik ez ukaiteko adierazi nahi dik...